XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina jatorri horretan oin-harturik koloreztatu badu ere, noiz edo noiz pertsonaiaren baten ahots propioarekin borrokan egin behar badu ere, kontalariaren ahotsa doa nagusituz, honako ezaugarrizketa-modu hauek galduz: ahots-errejistro mailako desberdintasunak emango liokeen soinu-aberastasuna, barietatea, gizarte-geruza desberdinen adierazle bihurtzea eta, zergatik ez, egiantzekotasuna.

Kontalariak daki irakurlegaiaren mugen berri; eta berak errazten dio bidea, sinonimoak, oin-oharrak eta iruditegi topikoa erabiliz; eta berak ezkutatzen haren moralari egokitzen ez zaizkion adierazpenak.

Azkenean behar hauetara menperatzen du kontalariak, pertsonaiaren ahotsa.

Eta aukera bakarra gelditzen zaie gehienez ere menditar, baserritar eta arrantzale horiei: noiz edo noiz beren ahots propioa testuratzeko borroka egitea.

Eta ezta hori ere ez dute egingo ez pertsonaia nagusiak, ez bigarren askok ere: otzan-otzan onartuko dute kontalariaren ezarpen hori ere eta beren mintzaira propioaz desjabeturik igaroko dira fikziora.

Erabat desjabeturik igarotzen dira fikziora: ez hezur-haragiek ematen duten itxuratze-modu, ez mintzaira propio, ez bizilekutzat dauzkaten lekugune horiei darien neke, deserosotasun, sufrimendu, ez banakotasun.

Hortik dator Agirreren eleberriei darien gatazka-falta eta idilio-itxura, erretratu geldoa eta hila eskaintzea.

Izan ere, jardule ez diren pertsonaia-protagonistengandik nekez taxutu ahal besterik.

Ezeren bilaketan ahalegintzen ez diren protagonistengandik nekez letorke bizitzak berak eskaintzen dituen antinomien adierazpenik.

Izan ere, Agirrek ez zuen bilatu bizitza errepresentatzea, gizabanako konkretuaren abentura singularra adieraztea; baizik eta gizatalde baten nortasunak izan beharko lukeena azaltzea.

Honela, bada, euskal nobelari sorrera ematen zaion une hauetan ez zaio garaikide zaion errealismoari lotzen.

Aitzitik, ahitzen ari zen mugimendu erromantikoaren hatsak bereganatuz, bide bihurtzen du hau, ez gizatalde berezi baten ezaugarriak deskribatzeko, baizik eta honen ezaugarriak ezartzeko eta arautzeko.

Sentibera da, erromantizismoak indibidualizatua zegoen ororekiko agertu zuen jarrerarekin; baina eredu-bila doa sentiberatasuna, eredu-mailan ezartzera aipatutako banakotasuna.

Esentzien esparruan eta ez existentziarenean higitzen den eleberrigintza hau urrun gelditzen zaio baserritarrari, arrantzaleari, herri xeheari; eta orohar talde soziologiko hau ez da irakurle bihurtzen: hor ez dago ez beraien historiarik, ez beraiek gogoko duten historiarik; eta histori-itxura horien taxutze-modua ere ez zaio beraien historiak dastatzeko moduari egokitzen.